Egileek, egile izate hutsagatik, beren lanen gaineko eskubide batzuk dituzte, eta hauek beren lanak ustiatu ahal izateko erabateko gaitasuna eta esklusibotasuna ematen dizkiete. Haiei ‘egile-eskubide’ esaten zaie, eta bi motatakoak dira:
Eskubide moralak
Pertsonalak eta ukaezinak dira, eta haietako batzuk denboran mugagabeak dira: adibidez, obren egiletza eta osotasuna aitortzeko eskubidea betiko mantentzen da.
Eskubide ekonomikoak
Ustiapen-eskubideak denboran mugatuak dira eta haien iraupena herrialde bakoitzeko legeriaren araberakoa da. Eskubide transferigarriak dira; alegia, hirugarrenekin saldu, laga edo parteka daitezke, interes ekonomikoarekin edo interes ekonomikorik gabe. Beraz, titulartasuna ez dagokio beti egileari; izan ere, hirugarren pertsona edo erakunde bati –besteak beste, editore bati, konpiladore bati...– laga edo saldu ahal izan baitizkio.
Egileek beren lanen gainean dituzten eskubide moral eta ekonomikoak babesten ditu legeriak, eta publikoak lan horiek erabiltzeko baldintzak arautzen ditu. Horrek esan nahi du obra bat erabiltzeko beharrezkoa dela egilearen edo eskubideen titularren berariazko baimena izatea. Kasu askotan, obra bat erabiltzeak konpentsazio ekonomikoa eskatzen du, edo hura erabiltzeagatik, erreproduzitzeagatik, banatzeagatik, jendaurrean jartzeagatik edo eraldatzeagatik ordaintzea.